Etapa honen helburu nagusia giro atsegina, lasaia, segurua eta etxekoa lortzea da, haurrak zoriontsu, eroso eta maitatuak sentitzeko. Horretarako, errespetuan eta haur bakoitzaren erritmoan oinarritutako egokitzapen prozesua eskeintzen dugu, non haurraren hezkuntzan parte hartzen duten guztien elkarlana eta komunikazioari esker, txikien ongizatea eta behar duen segurtasuna bermatuko den. Azken finean, eskola familiaren hedapen bat bezala ulertzen dugu. Prozesu hau pasata eta gaindituta, haurra jolasten, esperimentatzen, besteekin harremanak egiten eta eskainiko zaizkion gauzak jasotzen hasiko da.
Adin hauetan jolasa eta esperimentazioa dira garapenaren ardatzak. Alde batetik, haurrak jolasaren bitartez ezagutzen eta ulertzen du bere ingurua eta honi esker irekitzen da mundura. Horregatik, gure espazioen oinarria jolasa izango da, gure txikiei hautatzeko, autonomiaz jokatzeko, espazioan mugitzeko eta adin ezberdineko haurrekin erlazionatzeko aukerak zabalduz.
Bestetik, txikiek beraien inguru hurbila zentzumenekin esperimentatuz (ukituz, usainduz, dastatuz, entzunez…) ezagutzen eta ulertzen dute baita ere. Horretarako une, tailer eta espazio estimulagarriak eskaintzen dizkiegu.
Honetaz gain, gure txikiekin, estimulazio goiztiarra lantzeko ariketa ezberdinak egiten ditugu, etorkizunean konexio neuronalak behar bezala egin eta haurraren garapenean sortu daitezkeen zenbait arazo prebenitzeko. Horretarako, jarduera ezberdinak egiten ditugu: katuka ibili, patroi gurutzatua, brakeazioa, bitsak… Haurrak era ludikoan oinarrizkoak diren onurak bereganatzen dituelarik.
Gure txikiek eguneroko errutinen bidez autonomia, enpatia, autoestimua, harremanak… lortzen joango dira. Horrela, pentsamendu, ezagutza eta oreka afektiboaren garapena lortzeko, lehenengo urratsak egingo dituzte. Baina haur bakoitzak garapen erritmo bat du eta gure lana bakoitzaren beharrak eta ahulguneak identifikatu eta hauei erantzutea izango da.
Guraso eta hezitzaileen arteko eguneroko komunikazioaz gain, ikasleek egunero agenda bat eramaten dute etxera eta ikasturtean zehar bilerak egiten dira bere jarraipen egokia sustatuz.