?
Larramendi Ikastetxea

Larramendi bidea: Maitatu, ulertu, hobetu.
Gauzak egiteko beste modu bat

Gauzak egiteko beste modu bat; Maitatu, ulertu, hobetu.

Izateko modu bat: Jentilen ataria.

Larramendin aurre egin diogu XXI. mendeko eta Donostiako elizbarrutiko ikastetxea izatea zer den argitzearen erronkari. Ebajelioak iturri moduan hartuta eta Benedikto XVI.aren eta Frantzisko I.aren deialdia jasoz, eskola jentilen atari moduan ulertzen dugu. Gure eskola elizaren mugan dago eta, hortaz, Jerusalemeko tenpluko atarian lez, gizarte osoari irekita. Jatorri, pentsaera eta nortasun guztiak ongietorriak dira gure eskolan eta, elkarbizitza eta elkartrukearen bidez, norberak bere bizitzaren zentzua eraikitzea da gure helburua. Zentzuaren eraikitze honetan, berebizikoa ikusten dugu maitasuna errealitatea eraldatzeko indar nagusia dela, pertsona errepikaezina eta besterenezina dela, komunitatea garapen indibidualaren zutabea dela eta transzendenteekiko elkarrizketa gure bizitzako une erabakigarrienei aurre egiteko funtsezkoa dela ulertzea.

Zentzua eraikitzeko modu bat: Emauseko bidea.

“Emausen ikasleak” pasartearen kontakizunean (Lk 24, 13-35) gure hezkuntza-ereduaren paradigma aurkitzen dugu. Gure hezkuntza-proiektuan, Jesusek Emauseko ibiltariekin egiten duen bezala, ikastetxea pertsonekin elkartzera zuzentzen da, galderak eta bizitzeko modu bat elkarbanatuz, norberak bere bizi-zentzua eraiki dezan. Gure nortasun kristauetik, zentzua eraikitzean berebizikoak ikusten ditugu aipatutako pertsonaren, komunitatearen, maitasunaren eta transzendentziaren inguruko ikuspuntua, baina pertsona bakoizak eman behar dio honi bere bizitzan zentzua. Prozesu horretan, bidelagun izatea egokitzen zaigu. Hori da gure egitekoa: pertsonek beraien bizitza-zentzua eraikitze horretan bidelagun izatea.

Hezkuntzak pertsonentzat eraldatzailea izan behar du eta, beraien bitartez, errealitatearentzat. Hezkuntza errealitatea eraldatzen den heinean baino ez da hezkuntza.

Errealitatea eraldatuko duen pertsona: maitatu, ulertu, hobetu.

Ebangelioen mezua egunera ekarriz, ulertzen dugu gure komunitatean bizi den pertsona orok bere burua, ingurukoak, eskola, gizartea eta oro har mundua maitatzen, ulertzen eta hobetzen saiatu behar duela. Elementu hauek badute itzulera hezkuntzaren hiztegian: Inklusioa, transferentzia eta ahalduntzea. Gure modelo pedagogikoaren hiru adar hauek garatzeko ez dugu bakarrik lan egin: unibertsitatearen, ikuskaritzaren eta Berritzegunearen laguntza izan dugu.

Gure komunitatean norbait maitatzea zer den horrela ulertzen dugu: pertsona horrek lekua izatea, ahotsa izatea, bere iritzia kontutan hartzea, bidean behar duen laguntza izatea, konfidantzazko pertsonak izatea inguruan… Hau da, komunitateko pertsonak maitatu nahi baditugu bilatzen duguna inklusioa da.

Ulertzeaz hitz egiten dugunean, ezin gera azterketa bat aprobatzeaz ari. Eskolan gertatzen denak bizi-zentzua eraikitzeko balio behar du eta hortaz ezin du izan eskola barnean geratzen den zerbait. Eskolatik kanpora gertatzen diren egoerei aurre egiteko behar diren gaitasunak barneratu behar ditu ikasleak. Hau, transferentzia moduan ulertu dugu.

Norberak bere burua hobetzeko zein ingurukoen egoera hobetzeko, begirada kritikoa, sortzailea eta ausarta behar du. Hausnartzen ari diren pertsonaren begirada autonomoa behar du. Hau ahalduntze moduan ulertu dugu.

Nola iritsi gara honaino?

Manuel de Larramendi Ikastetxearen historia 1968ra arte Saturarranen egon zen Seminario Txikiaren historiari lotuta dago. Urte horretan eman zen Seminarioaren trasladoa Donostiara, Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe batean bihurtuz, Manuel de Larramendi izenarekin, lehen zuzendaria Ignacio Altuna izanik. 1982an, ikastetxeak San Sebastián Mártir ikastetxearekin bat egin zuen, ikastetxe misto bihurtuz. Urte batzuk geroago, ikastetxe pribatuen eta itunduen sarean sartu eta haur-hezkuntzako gelak ireki ziren 2 urteko ikasleentzat; 2004an, eskaintza handitzeko apustua egin zen, urtebeteko gela irekiz, eta 2016an, 0 urtekoa. Euskararen aldeko apustuan, D eredua ezarri zen haur-hezkuntzan 1999an eta batxilergoan 2000. urtean. Hizkuntzei emandako tratamenduagatik, Larramendi ikastetxe pilotu aukeratu zuten 2010ean, Urrezko Bikain saria lortuz 2012an. 2011ean, Kudeaketaren Bikaintasunaren Zilarrezko Q-a lortu zen.

Azken urteetan, ikastetxeak aurrera egin du maila guztietan; 2015ean, Ganbara boluntariotza-proiektua sortu zen Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat; 2017an, IKT heldutasun-ziurtagiria lortu eta 2018an, 1x1 proiektua jarri zen abian Lehen Hezkuntzako azken zikloan, ikasturtez ikasturte aurrera eginez etapa guztiak bete arte. Era berean, ikastetxeko ikasle gazteenen arteko bizikidetza landuz, “Lagun-handi - lagun-txikia” proiektua sortu zen.

Azkenik, 2021ean, lan, azterketa eta ahalegin handiak eta gero, eta hainbat hezkuntza-erakunderekin lankidetzan, aldaketa pedagogiko eta metodologiko bat gertatu zen, eredu berria jarriz abian, Larramendi Bidea, egiteko modu berri baten bidea markatuz.

Irakurgaiak:

Jentilen ataria

Jentilen ataria Benedikto XVI.arentzat eta Frantzisko 1.arentzat

Emausen ikasleak

Emausen ikasleen pasarteko pedagogika